Kieleko Unibertsitateko Centro de Estudos Galegos-ek Europa auf den Jakobswegen erakusketa ibiltariari hasiera emanen dio.
Heldu den azaroaren 22an Kielen, Schleswig-Holsteineko Parlamentuaren egoitzan, Santiagotik iritsi berria den Europa auf den Jakobswegen (Kultura eta hizkuntza aniztasuna Donejakue Bidean) erakusketa ibiltariari hasiera emanen zaio. Donejakue Bidea gaur egun kultura eta hizkuntza aniztasunaren bide bezala hartzen duen europar proiektu baten barruko ekimena da. Erakusketa Europako sei herrialdetako erakundeek eta Ikus-entzunezkoen eta Kulturaren eremuko Agentzia Exekutiboak (EACEA) bultzatu dute, eta Galiziako Xuntako Secretaría Xeral de Política Lingüística-k koordinatu du. Donejakue Bidea Europako herritar guztientzat kultura mikrokosmosa da eta erakusketa ibiltariak mikrokosmos horren hizkuntza aniztasunera hurbildu nahi ditu bisitariak.
Erakusketa azaroaren 22tik abenduaren 19ra izanen da Kieleko Landeshaus-en. Irekiera ekitaldian Schleswig-Holstein estatu federatuko Kulturako kontseilaria den Ekkehard Klug-ek, Espainiak Berlinen duen enbaxadako kulturako kontseilaria den Gloria Mínguez-ek eta proiektuaren tokiko koordinatzaile izan diren Kieleko Unibertsitateko katedradunek parte hartuko dute. Ekitaldi horren barruan Antoni Rossell Bartzelonako baritonoak musika emanaldi bat eskainiko du, erromesaldiekin loturiko kantiga, erromantze eta abestiz osatua.
Horrez gain, Centro de Estudos Galegos-ek ia berrogeita hamar orriko argitalpena aurkeztuko du, Donejakue Bidean zehar aurkitzen diren hizkuntza batzuen gaur egungo egoera laburbiltzen duena; hizkuntza horietako batzuk, hala nola, frisiera, behe-alemana, okzitaniera edo galiziera, eremu urriko edo eskualdeetako hizkuntzak dira. Liburuxka hainbat irudi, mapa, grafiko eta argazkiz hornitua da eta askotariko testuak biltzen ditu, besteak beste, Alemania iparraldeko erromesek idatzitako testuak, zenbait saiakera labur Donejakue Bideko eskandinaviar herrialdeetako ibilbideei buruz eta Donejakue Bidearekin loturiko Europa iparraldeko santuei eta ikonografiari buruz, Carlos Casares, Manuel Rivas edo John Rutherford bezalako idazleek galizieraz idatzitako literatura testuen ingeleseko eta alemaneko itzulpenak, Alemania iparraldean girotutako Donejakue Bideko kondairaren bat eta Jüri Talvet idazle estoniarraren poema Done Jakueren omenez. Material guztia www.camino-eu.com webgunean dago eskuragarri. Erakusketaren berariazko webgunea beste hau da: www.santiagolanguages.com







